XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Katalinek diotsa:
- Ongi arduratu zinen zu inork ez zintzan inola entzun.

Josepek arrazoia ematen dio:
- Bai, ba dakit, gau haretan etxetik joan nintzen, eta gaurdagino ez naiz atzera berriz azaldu. Baina egun Joana etxetik joanen zela berria eman didate, eta berehala oldartu naiz honera, holako astakeriarik ez dezan egin!

Diotsa Anderek:
- Eta zuri orain ze inporta dizu horrek?

Josepek ze inporta dion esan behar du:
- Nire haurrak dira, eta etorkizunean ongi-egon lasai bat eduki dezaten nahi dut.

- Baina Joanak ihardesten dio Eztebek, etorkizuneko ongiegon lasai hori emateko ba daduka naikoa ondasun.

Semeari diotsa Anderek:
- Mezaren erdia ere ez dakizu zuk, Josepe. Hortzaz luzaro mintzatu gera zu kanpoan ibili zeran artean. Eta munduan inoiz ikusi den astorik astoena da zuen Joana benedikatu hori.

Katalin ez dago akort:
- Ongi egin du.

Eztebe ez dago seguru:
- Ez dakit nik.

Josepe seguru dago:
- Txarki egin du.

Andereri berdin dio:
- Nire berdin dit. Ez da hori nire ardurakoa. Famili-biltzar bat egin nahi ukan duzue, eta bertan aitonaren, aitagiharrebaren eta aitaren presentzia beharrezkoa omen zen; baina nirea baino askozaz beharrezkoagoa zen amaren, erranaren, emaztearen eta arrebaren presentzia. Joanarik gabe ez dago biltzarrik; edozer gauza erabaki dezakegu, baina harek onartzen ez baldin badu, gure erabakiak ez dirudi gauza garrantsiakoa. Beraz ni ere biltzar honetatik aldenduko naiz. Eztebe...

- Bai?

- Joanarekin zaudenean, niri txarki iruditu ez zaidala esanen diozu. Baina bere tema gogor horretan irauten baldin badu, nire diruarekin konta ez dezala. Hala ere, nire ilobez ez naiz ahaztuko. Nire testamentuan diru-pila galanta utziko diet, baina sosik ez dute hartuko hogei urte bete ditzaten arte. Adio. Nigandik ezer gura baduzue, nire adiskide-koadrilarekin egonen naiz Arenalean. Agur!

Ezteberi eskua luzatu ondoren, ba doa kalera.